XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lurraren topografia eta harri-mota desberdinak kontuan izan beharreko faktoreak dira higadura, infiltrazioa, lurrinketa eta gisa horretako parametroak baloratzerakoan, bai eta lurpeko urak zenbakitan jartzerakoan ere.

Bestalde, arro hidrografikoa biostasian edo rexistasian egotea funtsezko kontua da.

Biostasian dagoen arro batean, gutxi-asko geruzatan antolatutako landaretza-estalkia babesgarri fisikoa da prezipitazioen zuzeneko erasoaren kontra.

Euri-tantek, lehenik, landareak bustitzen dituzte, eta gero hosto, adar, zurtoinetatik behera jaisten dira poliki; geldo zoruratzen direnez, ez da higadurarik gertatzen.

Horretarako lagungarri dira zoruak ondo egituratuta eta osagaiak ondo kohesionatuta egotea, landare, zuhaixka eta zuhaitzen sustraiekin batean.

Mendi-hegalek estaltzen dituen landaretza belaki eskerga bat bezalakoa da: euriaren higatze-lana moteldu eta gero, milioika litro ur gordetzen ditu; ur hori pixkanaka lurrean barneratuz joaten da (zoruak aberastuz eta akuiferoak betez) edota hegalean behera poliki irristatuz.

Hartara, arro biostatiko horietako ibaien urak ez du hartzen abiadura handirik, eta uren mailan ere ez da gorabehera handirik izaten, ezta eurite handietan ere. Horretan laguntzen du ibaiertzetako basoen moteltze-lanak.

Hegal biostatiko horietan, iturbegien emana uniforme samarra da urtean zehar, eta oso-oso gutxitan agortu ohi dira.

Ezaugarri horiek guztiek esan nahi dute arroa autorregulatuta dagoela, eta sisteman ur gehiago edo gutxiago sartuta ere, ibai eta iturbegietatik ez dela asko aldatuko epe laburrera, nahiz eta urtaroetan zehar, jakina, maila-aldaketak izango diren.

Rexistasian dagoen arro batean landare-estaldura oso urria da, edota ez da batere; horrek bidea errazten dio higadurari, isurketa gehitzeari, bai eta uraren abiadura handiagoak dira, eta infiltrazioa asko jaisten da.

Ubideak bizkor kontzentratzen dira, eta ondoren errekasto-ibarra izango da, eta azkenik errekasto-ibar kontzentratua, arrea esekiduran daramatzan material finengatik.

Material horiek zoruen alde azalenekoetatik erauzi dira, eta pobretu egin dituzte zoruok.

Errekasto-ibar horietako uren abiadura handiak eta higatzeko ahalmena izugarri handitzeak, bai eta maila-aldaketa oso bizkorrek ere arroan ez baita autorregulaziorik, zabalera handiko ubide ezagunak sorraraziko dituzte, urtean zehar emari urri-urria dutenak, eta eurite handiak direnean urak ubideratzen nekez lortzen dutenak.

Ubide-mota horiek (uadak/euri-bideak/errierak) arro mediterraneoetan agertzen dira; aldika, uholdeak izaten dira han.